XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

(...) eta, aldi berean, izurriaren aurrean babesle, artekari eta laguntzailea.

XIV. mendean izurri beltzak ikaragarri zigortu zuen Europa osoa 1348. urtean batez ere, eta beraz, San Martzial modan zegoen santua izatea litekeen gauza da eta, erromesen bitartez, Altzara zaindari bezala heltzea.

Hala ere, guk ez dugu uste arrazoi hauek nahikoak diren planteaturiko galderari erantzuteko Felix Elejaldek berak ere zalantzak ditu eta azaltzen digu nola Gipuzkoan San Martziali eskeinitako ermitak oso gutxi diren eta, gainera, Altzarekin lotura gabekoak (ikus 3. irudia).

Gipuzkoan lau dira San Martzial izenarekin duaden ermitak: Irun, Bergara, Antzuola eta Soraluze.

Irungo San Martzial ermita ospetsuak, ordea, ez dauka zerikusirik Santiago-Bidearekin ezta Altzakoarekin ere 1552. urtean frantsesen aurka San Martzial egunean lortutako garaipenaren omenez eraiki baitzen, eta beraz, gure ikusmiratik baztertu behar dugu.

Beste hirurak Deba bailaran aurkitzen dira, bata bestearen ondoan hiru herri ezberdinetan egon arren Hirurak ermita xumeak dira eta ez daukate XVI. mendea baino lehenagoko aipamenik.

Beraz hauen jatorria ere, seguruena, zerikusi gutxi izango dute Altzakoarekin.

Non, bada, bilatu beharko dugu Altzako San Martzial zaindaritzapearen arrazoia?

Gure ustez, erantzuna gaskoien tradizioan bilatu behar dugu.

San Martzial Limogesko aurreneko gotzaia izan zen eta Akitanian kristau fedea eta ebanjelioa aldarrikatu zuena.

Beraz, gaskoi kristauentzat, akitaniarrak izaki, San Martzial santu maitagarria zen eta tenplu berri baten sorkuntzan kontuan izatea ez zaigu batere arraroa iruditzen, alderantziz, giza-talde baten nortasuna baieztatzeko balio zezakeen eta seguraski honela erabilia izan zen.

Berrikusten baditugu parrokia sortzeko idatzi ziren dokumentuak eta bertan azaltzen zaizkigun abizenak berehala antzeman dezakegu nola 1390. urtean oraindik gaskoi presentzia oso nabarmena zen.

Hauek dira, hain zuzen, dokumentuetan azaltzen diren moradores de la Artiga de Alza: Berra, La Lana, Casares, Castañeda, Durango, Heraso, Casanao, Luzuriaga, Baro, Sius, Salamon, Mercader, Damas, Corbuera.

KONKLUSIO GISA

Gipuzkoa XI. eta XV. mendeen artean artzantzan oinarritutako gizarte eta ekonomia batetik nekazaritzan eta merkataritzan oinarritutako gizarte eta ekonomia batera pasatu zen.

Espazioa okupatzeko moduan eta inguruarekiko harremanetan ere erabateko aldaketak jazoko dira.

Lurraldean mugarriak ezarriko dira han eta hemen, jauntxoen artean elizakoak zein zibilak, bai hiribilduen artean, baita jarduera ekonomiko ezberdinen artean ere gatazkak eta istiluak sortaraziz.

Interesak asko eta handiak dira, batez ere diru-iturriekin zerikusirik dauzkatenak, eta honengatik dokumentuak bai faltsuak baita egitazkoak ere erruz argitaratu ziren jabetza eta ustiapen eskubideak zehazteko.

Jaunak, zibilak zein elizakoak, partikularrak zein kolektiboak, behin eta berriro ahaleginduko dira beraien lurraldeak eta ustiapen eskubideak zehazten eta, ahal baldin bazen, zabaltzen.

Altza Erdi Aroko dokumentuetan azaldu denean honelako kasuetan izan da.

Nafarroako erregeak, Leireko monastegia, Iruñeko katedrala, San Sebastian El Antiguo monastegia, Santa Maria eta San Bizente hiribilduaren parrokiak, Villanueva de Oyarçun hiria, eta Murguiako Jauna izango dira Altzako espazioa definituko dutenak.

Altza Erdi Aroan mugan dago eta muga da: barduliar eta baskoien artean, lehen; Iruñeko eta Baionako apezpikutegien artean gero; Oiartzun eta Urumea bailaren artean azkenik.

Honek eman dio izan ere protagonismoa Gipuzkoako dokumentu zaharrenetan.

Gaskoien kolonizazioa da, bestalde, Altzako Erdi Aroaren beste ezaugarri nagusietako bat.